Ayuntamiento de Ollo / Olloko Udala


Aldizkaria 8

Kontratatuen lanakobra

Aurten ahalegin berezia egin dugu langileak kontratatzeko. Lan handi samarrak egin ditugu, horretarako langile kualifikatuak izan ditugulako. Urtero bezala kontzejuei galdetu genien ea zein lan egin behar ziren. Langileen lanegunen erdia (%50) kontzejuek eskatutako lanetan erabili dira. Hona hemen labur-labur zer egin den:

Arteta: kale baten zoladura, eta sasiak kentzea.
Ollo: kale baten zoladura, eta harrizko malkarra kentzea.
Senosiain: kale baten zoladura, eta sasiak kentzea.
Ultzurrun: kale baten zoladura, eta sasiak kentzea.
Anotz: sasiak kendu eta kale batzuk konpondu.
Saldise: sasiak kendu eta kale bat zabaldu eta zolatzea.
Beasoain-Egillor: sasiak kendu eta abiadura moteltzekoak kalean jartzea.
Iltzarbe: kaleetako lanak, eta frontoia margotzea.

Gainerako lanegunak (%50) udalak berak proposatutako lanetan erabili ziren, batez ere Ollarango itzulian: Garañoko gazteluaren sarbidean (eskailerak, sasiak kendu, Anotzeko ardibideko atakak), eta Olloko iturriaren ingurua txukuntzeko eta merenderoa jartzeko. Gainerako lanegunak beste lan batzuetan (udaletxearen mantentze lanetan, Senosiaingo murruan, ludotekan…) eta langileen bajetan.

Gobernuaren diru-laguntzari esker kontratazioak egitea aktibo ona da, eta horixe ere eskatzen dute bailarako biztanleek inkestetan.
Aurten, hala ere, dena ez da positiboa izan. Jakina da, eta horrela jaso da udaleko aktetan, oso goitik gainditu dugula lan horietarako aurreikusitako gastua. Horregatik, nominak ordaindu ahal izateko, aurrekontuak aldatu behar izan ditugu eta erreserbatik dirua atera behar izan dugu. Argi dago hori ezin dela berriro gertatu, eta horretarako neurriak hartu ditugu aurrerantzean alkateak “bere kasa” har ditzakeen erabaki batzuk nolabait mugatzeko: idazkariari instrukzio argiak ematea, zinegotzi guztiei on-lineeko informazioa argia gardentasun osoz ematea, eta lan handietan arkitektoari aurretik txosten teknikoak eskatzea eta bertan jasotzea zein gastu eta zenbat/nolako langile behar diren.

Nafarroako banda zabalaren plan zuzentzailea

Nafarroako herri guztiek izanen dute banda zabaleko konexioa 2021ean. Hala irakur daiteke Nafarroako Gobernuak egindako Plan Zuzentzailean. Egitasmoa Nasertic enpresa publikoarekin lankidetzan garatuko da ondoko 5 urteetan eta 31, 35 milioi euroko inbertsio publikoa eginen da, zuntz optikoa foru lurralde guztian zehar zabaltzeko.
Hurrengo bost urtean Nafarroako Gobernuak 15 milioi euroko inbertsioa egingo du 1.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan banda zabala hedatzeko. Udalak ekarpen bat egin dio planari gure herriak plan zuzentzailean espresuki sartzeko eta oraingo egoera (ia-ia telekomunikazioetatik kanpo egotea) kontuan izateko. Baita ikertzeko ere zein aukera dauden bailarak banda zabaleko konexioa izateko; eta ea posible den -altu samar baitago- Egillorreko ETAP instalazioak erabiltzea konexio gune izateko, gero gainerako herrietan argindar-edo telefono-sarearen bidez seinalea banatzeko. Lanean eta erne egongo gara arlo honetan; izan ere, bai udalari bai biztanleei -inkestan adierazi bezala- lehentasunezko gaia iruditzen zaigu bailaren etorkizunerako.
SERGIO PEÑALVER

Gure Sustraiak proiektuak 15 urte bete ditugure sustraiak

2002. urteko Otsailean Gure Sustraiak Baserri Eskolak bere proiektua martxan jarri zuen. Hasiera batean turismoaan eta ingurugiro hezkuntzan bideratu zituen bere programak Olloko ostatuan. Urte batzuk geroago behar berezien munduan lanean hasi eta honek Gure Sustraiak proiektuari bira ikaragarria eman zion. Horrek proiektua pertsona guztientzat zuzentzeko aukera eman zion.
Azken urte hauetan hainbat aldaketa, hobekuntza, proiektu berri, irizpide berri… izan dituzte, adibidez, baserri eskola berria, aterpearen eraikuntza, pisu funtzionalaren eta zentro okupazionalaren proiektu berria… iadanik proiektu berriak dituzte esku tartean.
Aurten,  otsailaren 23,24 eta 25 egunetan XV. Urteurrenaren ospakizun egunak izan dira, egun hauetan hainbat ekintza eta jarduera burutu dituzte. Lehen eguna bezeroei eta bailarako biztanleei zuzendutako eguna izan zen, bigarren eguna parlamentuko politikariei zuzendua eta larunbatean jai eguna izan zen bazkide eta familiei zuzendutako eguna. Egun hauetan proiektuaren berri eman zen eta instalazioei bisitak egin ziren. Zentro okupazionaleko gazteak aukera izan zuten sukaldaritzan ikasitakoa martxan jartzeko eta lunch-a prestatu zuten lehenengo bi egunetan etorritako pertsona guztiei eskaintzeko.
Gure Sustraiak baserri eskola handitzen doa, proiektu berriekin aurrera eginez, honekin ere pertsona gehiagoren kontratazioa egingo dute.
Aukera hau aprobetxatzen  dute Olloko herriari eta bailarako biztanleei eskerrak emateko, beraien baieztapena eta babesik gabe ezinezkoa izango zutelako proiektuak martxan jartzea bailara eder honetan.

aurkibidera joan