Ayuntamiento de Ollo / Olloko Udala


Aldizkaria8: alkatearen txokoa

Alkatearen txokoa

Javierrek zinegotzi kargua utzi eta gero Ollarango alkate izatea tokatu zait. Bakarrik esan dezaket ahalik eta hobekien egingo dudala, baina beti taldeko zinegotziekin batera. Protagonismoa eta nor bere kasa ibiltzea alkate askoren akatsa da, espero dut tranpa horretan ez erortzea. Eta berriro ere esango dut nire hitza duzuela kargua utziko dudala nire taldekideek beharrezkoa ikusten badute.
Horretaz gain, hona hemen esku artean ditugun gaiak:

TIP (PIL)-eko lanak.

Oraingoan Nafarroako Gobernuak hobetsi ditu kaleetako obrak egitea (kale eta espaloietako zoladurak). Kontzejuei galdetu diegu eta espero dugu -aldizkaritxo hau atera baino lehen- diru-laguntza eskatzeko txostena aurkeztua izango dugula. Ideia da bailaran bukatu gabe dauden kaleak hurrengo urteetan bukatzea. Ea zorterik dugun.

Telefonia mugikorra

Senosiaineko kontzejuarekin hitzarmena sinatu dugu antena bat jartzen laguntzeko. Horrek nahiko hobetuko luke telefonoko estaldura, inkestetan gehien aipatu den arazoa.

Internet

Nahitaez lortu behar ditugu banda zabaleko 30 mega horiek. Bestela, trena pasatzen utziko dugu, eta ez dakigu berriro itzuliko den. Gaia gertutik segitzen dugu, eta Gobernuari informazioa pasatu diogu gure egoera tamalgarria ikustarazteko eta balizko irtenbideak bilatzeko. Uste dugu laster berri onak izango ditugula, agian aldizkaritxo hau argitaratu baino lehen.

Garraioa

Batxilergoko gazte batzuk badira bailaran, eta gurasoek egunero eraman behar dituzte Iruñera. Begiratzen ari gara ea taxi zerbitzuko ordutegiak aldatuta irtenbidea ematen diegun. Ezin dugu onartu herri txikietako biztanleek zama hori bere gain hartu behar izatea, denok zergak berdin ordaintzen baditugu.

Ondarea

Ondarearen gaia ere aurrean izango dugu, bai ondare fisikoa (bideak, gaztelua, baselizak, garbitokiak…) eta ez-materiala. Azken honetan proiektu bat dugu bailarako pertsona nagusien jakintza jasotzeko eta balorea emateko. Horretara bultzatzen gaitu jakiteak jendeak inkestetan ongi baloratu dituela, eta ondoko bailaretan antzeko lanak egin dituztela. Ezin gara atzean gelditu!

Iturburuko ingurua egonkortzea

Mankomunitateak 2017ko aurrekontuan diru puska bat berretsi ditu iturburuko magala egonkortzeko, eta horrela segurtasunez ireki ahal izango du Artetako interpretazio zentroa. Bertan egon ginen zuzendariarekin, kudeatzailearekin eta teknikoekin. Haien interesa eskertzekoa da. Iturburua bailarako turismo baliabiderik indartsuena da eta ireki beharko genuke kosta ala kosta.

Santamaria anaien auzia

Azkenik ez dute milioi euroko kalte-ordaina eskatu, eta epaitegira ez dira joango, Beasoain-Egillorren 2008an egin asmo zuten urbanizazio proiektuak huts egin eta gero. Erne egongo gara horrelakorik berriro ez gertatzeko.

Tira, berehalako erronka ederrak ditugu aurrean. Aurreko lorpen horiek ez dira oraingo edo lehengo alkatearen merituak, baizik eta udalean gaudenon -eta beste batzuen- talde-lanaren emaitza dira. Inor ez da ezinbestekoa, eta denok gara beharrezkoak.

Osasuna!

DAVID CAMPIÓN
aurkibidera joan